XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aipatzen den beste kasu tipikoa, halaber, zurezko elizen artean, Arrati-Arteaga-ko (Bizkaian) elizarena da (gaur ere zutik dagoena): honen eraikidura osoa-euskarri eta hormak-zurezko zutiko eta oholtzarrekoa bait da.

Eta aipatzen ez den baina antzemangarri nahiz eta eraikidurari dagokiona ez izan den hirugarren kasua, Oñatiko Aoz-ko eliz parrokiarena da; hemen, nabeen bereizketa, basotik bere hartan garraiatutako arbola osoz egina dago; horretarako, enborretik alboetara doazen adar haundiez baliatu ziren, berorien bidez arkuak moldatuz arku zorrotzak, arku gotikoen antzera trebeki moldatuak; egia esan, egiaz gotiko diren nabeen imitazio burutsua.

Tenplu barruko zurezko eraikuntza-modu honi buruz Ipar Euskal Herrian imafronteko hondoko korutarako eta alboko murruetarako ere ohizkoa den eraikuntza-modua esan beharra dago gaur ez dela ohizkoa; gaur egun, gure zonako koruak harrilanezkoak bait dira; agian, gerora zurezko lanen aurkako jarrerarengatik, erromaniko-garaiko arrisku guztiak zirela-eta.

2. EUSKAL OBRA ERROMANIKOAREN EZAUGARRIAK.

Eliza erromanikoen ezaugarri guztiz ezaguna, abside-aldeak edo aldare nagusi aldeak izan ohi duen danbor-forma da; diogun bezala, erromaniko-garaian tenpluaren alde honen eraikuntzak izan ohi zuen tankera ederra bezain tipikoa, orohar.

Nafarroan erromanikoaren Leire, Uxue, Iratxe eta Irantzu-ko monumentu-ereduak, eta Araban Armentia, Estibalitz eta Markinezko San Joango arte txikiarenak, gure erromanikoa eraikitzeko modu horren adierazle bikainenak ditugu; hain zuzen ere, adibide horiek, erromanikoa abside zirkularrak danbor-forman eraikitzeko modu horrekin identifikatzera garamatzate.

Halaz guztiz, oso kontutan edukitzekoa da, danbor-forma horretaz aparte, arte erromanikoan ba daudela zirkularrak ez diren absideak ere; hain zuzen ere, oinplanu erretangularrekoak ere ba dira.

Eta azken eraikuntza-modu hau Europa Iparraldeko eraginari zor bide zaio Irlandakoari, adibidez, eta gure lurraldean, Bizkai aldean aurkitzen da gehienbat; ba da, ordea, Nafarroan ere abside erretangularreko estilo honetako eredu interesgarririk, Bilatorta-ko San Migelen adibidez, bere murruetan ilustrazio zahar-zahar asko dituelarik.

3. ERROMANIKOA BIZKAIAN
Gaya Nuño maisuak, tankera honetako hogei ta gehiago eredu jaso ditu Bizkaian, ia denak zatikiak; halaz ere, garrantzizkoak eta aztertzea merezi dutenak; denak XI. mendekotzat emanak; horietakoa da jadanik aipatua izan den Arrigorriagako Abrisketako San Pedroko kasua, (...).

Santurtzi-ko San Jurgi elizako tinpanoa (Bizkaiko Museo Historikoan.